"Euskara askatasunez" izenarekin, adierazpide kritiko, anitz, demokratiko eta integratzaile bat sustatu eta bultzatu nahi dugu euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia duten pertsona guztiak biltzeko.
Euskara askatasunez
31/10/2008 12:55:16
NOTICIAS DE GIPUZKOA 08/10/05. Xabier EUZKITZE
Izenburu hori du Patxi Lopezek argitara eman berri duen manifestuak. "Euskara askatasunez izenarekin, adierazpide kritiko, anitz, demokratiko eta integratzaile bat sustatu eta bultzatu nahi dugu euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia duten pertsona guztiak biltzeko", dio sozialisten lehendakari-gaiak. Ezaugarri –ez dohain– horien jabe naiz, ustez. Gauza askotan jo behar genuke, beraz, parean. Manifestua irakurrita, baiezkotan nago gainera.
Gehiago begiratu behar genioke aurkezten dizkiguten manifestuen funtsari, aurkezten dizkigutenen etiketaren arabera epaitu beharrean. Eta niri gustatu egin zait Patxirena. Ez du ezer berririk, ez. Lehendik zenbait esparrutatik egindako hausnarketak bildu ditu. Euskal Sozialistak horrelako zerbait aurkezten ikustea erabateko berritasuna da, baina. Rosa Díez eta Redondo Terrerosen PSE-EEk ez zukeen sekula halakorik egingo, jakin nahi nuke Isabel Celaári zer nolako tripako minak eragin dizkion ere. Patxi Lopez urrats hori emateko gauza izan da. Bejondaiola!
Gezurretan nenbilke Lopezen ekimenari erabateko sinesgarritasuna aitortuko banio. Kanpainako ekitaldi bat gehiago da, eta lehendakari-gai sozialistak ordezkatzen duen eremu sozio-politikoak mespretxu gehiago egin izan dio orain arte euskarari, lagundu baino. Ni behargin nauen erakundeaz hau dio Lopezek: "EITB eraberritzea informazio-zerbitzu publiko anitz eta demokratikoa, eta kalitateko eduki kulturalekin, eskaintze aldera. ETB-1en moldeak, edukiak eta aurrekontua aztertzea kultura euskaldun moderno eta askotarikoa gara-tzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izan dadin." Gaur egungo EITBri dohain horiek guztiak ez dizkiola ukatzen pentsatu nahi dut. Demokrazia, askatasun eta aniztasunari dagokionez, sozialistek kudeaturiko telebistetako ereduek ezer gutxi erakutsiko digute behintzat. Askatasunaz ari denez, ez lidake poz makala emango Lopez jaunak denbora asko baino lehen itzulpen simultaneoaren premiarik gabe elkarrizketatzeko aukera eskainiko balit. Euskara askatasunez
Ondo Patxi Lopez, baina tiradizo faltan oraindik
31/10/2008 12:45:39
ARGIA 08/10/12. Xabier LETONA
Bikain da Patxi Lopez euskaraz entzutea, eta gainera ez da lehen aldia... Lehen aldia da, ordea, berak eta bere alderdiak euskararen inguruan halako ekitaldi esanguratsua egiten dutena. Hori ere ona da euskararen prestigio eta garapenerako. Berdin da hori guztia hauteskunde giro betean gertatzen bada, horrek erakusten duelako amu gisa baliagarria dela Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza lortu nahi duenarentzat. Hizkuntza gisa gutxitua bada ere, minoritarioa, esparru sinbolikoan funtsezkoa delako hegemoniarako.
PSEk ordea, oraindik ere badu sinesgarritasun arazorik euskaldunen –euskal hiztunen– munduan. Multzo zabal eta anitz horretan, PSEri Donostiako ekitaldiak baino askoz sinesgarritasun handiagoa ematen dio Ramon Etxezarreta, Denis Itxaso edo Jose Luis Elorza Euskadi Irratiko egunerokotasunean euskaraz normaltasunez entzutea.
Bere ekarpenak azpimarratzeko, PSEek sarri jotzen du Euskararen Legeari eman zion sostengura edota Ardanzaren koalizio gobernuetan hezkuntzan egindako politiketara. Eta horiek eta beste batzuk hor egonda ere, itxura eta pertzepzioen ikuspegitik bederen, alde egindakoak ez du oraindik aurka egindakoa gainditzen. PSOEko eta PSE-eko sektore zentralista askok egindakoek ez diote lagundu horretan, ez PSNk Nafarroan garatutako politika, ez Ermuko Foroko edo gisako taldeetako beren militante askoren jarrerak...
Baina irudi eta pertzepzioetan oinarritutako horiez gain, Euskara Askatasunez manifestuak iraingarriak eta biziki arriskutsuak diren baieztapen ugari ditu, titulutik bertatik abiatuta, euskararen garapenean orain arte egindakoak askatasunez egin izan ez balira moduan, eta inposaketa euskaltzale eta euskal komunitate zabal horretatik baletor moduan.
Agiriak zeharka iradokitzen du mundu zaharkitua dela euskararena eta modernotasuna ekartzera datozela sozialistak, eta aniztasuna, demokrazia, ikuspegi integratzailea, politizatu gabekoa, oinarri identitario eta historizistarik gabea, ez baztertzailea... Eta larriagoa dena, euskarazko kultura egiten dutenei prestigio demokratikoa ukatzen die. Tonu hori urruti dago iradokitzen den mezu ireki eta integratzailetik, eta nekez irabaz dezake jarraitzaile ugari euskarazko kultura eta gizarte esparruetan. Baina gizarte esparru aurrerakoiaren eremu zabalean arrantza egiteko balio diezaioke eta orain hori da garrantzitsuena. Balio duen moduan euskal kulturaren munduari diru-laguntzak ez direla jaitsiko adieraztea.
Hizkuntza borroka ez da fikzioa, hemen da. Hizkuntza pertsonaren komunikazio eta adierazpide nagusiena da, den guztia nagusiki tresna horrekin adierazten du eta horregatik da hain garrantzitsua eremu sinbolikoan ere.
Hori jakinda eta onartuta, ezin da pentsatu euskara bultzatzeko osagai bakar batzuk egon behar dutenik, eta zabaldu behar dena da bakoitzak topatu behar dituela bere euskaltzaletasuna bultzatzeko arrazoiak, izan hauek identitarioak, kulturalak edo, besterik gabe, historian gehienetan gertatzen den legez, pragmatikoak. Denak dira onargarriak eta ez dago bata bestearen gainean dagoen motibaziorik. Bitxia da Lopezen agirian nola egiten zaion erreferentzia ETA eta euskarari; ETAk bere helburuetan Euskal Herri euskalduna nahi izatea ez luke inor akonplejatu behar, are gutxiago euskaratik urrundu.
Agiri honek inposaketaren lekura, akordioa, askatasuna eta armonia ekarriko duela iradokitzen du. Baina ez da agiri honetan bakarrik, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak bultzatuta, Euskararen Aholku Batzordeak eztabaidarako prestatu duen agirian ere giro zerutiar eta armoniatsu horri egiten zaio behin eta berriz erreferentzia.
Historian zehar hizkuntza batzuk desagertzen badira, hori da beste batzuek hartzen dutelako haien lekua, izan konkistaz edo sedukzioz. Hau da, hizkuntz borroka hor dago, harreman gatazkatsua da, haien hiztunen arteko harremanetan ere islatzen dena. Jakina hizkuntza garapena ahalik eta modu kontsentsuatuenean egin behar dela, bai hiztunen arteko arazo gutxiagorekin egingo delako eta baita eraginkorrago izango delako ere. Baina nola irabazi behar ditu euskarak esparru berriak lehia hori gabe? Errealitate printzipioan oinarrituta, gatazka izaerari uko egin gabe eta herritarren eskubideak, borondateak eta kontsentsu dosiak ahalik eta txukunen nahasiz.
Getoaren hesia
31/10/2008 12:18:59
EL CORREO 08/10/03. Andoni UNZALU
Atzo euskararen getoan hesi zati bat lurrera etorri da. Uste dugun arren, Getoaren hesia kanpokoek erakitzen dutela, euskararen kasuan bi alderdiek eraki izan dute horma sendoa: barrukoek, ustez euren defentzarako, eta kanpotik ere ahaleginak egin dira geto barruan gera daitezen euskaltzaleak.
Atzo lehen aldiz, Euskadiko alderdi sozialistak euskaltzaleen sektorearekin bilera normala burutu du. Bazen garaia! Patxi López euskararen plazara urreratu da eta bere eskaintza egin du. Era berean sektoreak deiari erantzun ona eman dio. Duela urte bete ez genuen horrelakorik espero; ez batzuen aldetik eta ez besteengandik.
Euskararen egoera, euskaltzaleena eta bestelako eremuena ere nahiko kezkagarria da. Alberdi guztietan etsipena, frustrazioa edo haserrea zabaltzea lortu dugu. Euskaltzaleek eta borondate oneko hainbat bada gure herrian, eta ez zuten uste hogeita hamar urteren buruan hain atxikimendu eskasa lortuko zutenik Euskal herritarren artean. Beste asko ere bada, pertsonalki egin duten ahaleginaren emaitza ezerezean gelditu dela iruditzen zaiena.
Bada garaia, heldu da sasoia, lasailtasunez, guztion artean, auzi hau berraztertzeko. Atzo arte euskararen eremuan ari diren pertsona eta erakundeen kopurua nahiko mugatua izan da. Oso garrantzitsua da Patxi Lópezek bere ekarpena egitea; besterik da proposamenarekin ados Egon edo ez Egon. Era berean, garrantzitsua izan da oso sektoreko pertsonek normaltasunez hartzea.
Euskararen alde gauden pertsonak behar ditugu, beldurra galdu. Gure borondatean behar dugu sinetsi, eta herriko plaza nagusira behar dugu atera, aurpegia garbi, gure proposamena egiteko. Gaur ez dut Patxi Lopezek egindako proposamena aztertu nahi, aurkeztua izana da kontu berria eta garrantzitsua. Getoaren hesia botatzeak Euskara jabetza gabe utzi du: guztion eskura dago aurrerantzean. Egia da lehen pauso xumea dela eman den hori, baina euskaldunok betikotik aldatzen ari garen seinale da. Euskararen sektorean lanean ari den pertsona asko eta asko, helduak dira, euren zerbitzu publikoa barneratu dutenak. Orain ausardia behar dugu jendaurrera azaltzeko, euskaldun guztien iritziak askatasunez onartzeko eta, berandu baino lehen, guztion artean, euskaltzaleak eta bestelakoak, akordio berri bat egiteko gauza izan gaitezen. Ez da gauza erraza izango batzuen eta besteen beldurrak baztertu behar direlako lehenik; eta gure artean euskararekiko ikara eta egonezina sustraitua dago.
Orain euskararen plaza zabalagoa da, biziagoa, anitzagoa, egiazkoagoa, eta bertan iritzi ezberdinek ere lekua dute, elkarren lehian.
Euskararen zamak (edo askatasunaren premia)
27/10/2008 13:45:09
HIKA urria 2008. Iván IGARTUA
Doilorkeriaren gure historia partikularrean badira El libro negro del euskera bezalako mugarriak. Halakoetan hizkuntzaren etsai edo aurkako bilakaturik aurkezten zaizkigu euskarari buruzko ikuspegi jakin batzuekin bat etorri ez diren eta ez datozen hainbat egile. Konparazio baterako, komunismotik lan handiz urruntzen joan diren lurraldeetan oraindik ezaguna da herriaren etsai iraina, iraina baino gehiago mehatxua, salaketaren ondotik ondorio larriak izaten baitziren afektatuarentzat. Hain deitura orokorretan zail da, halaz guztiz, errealitatearekiko lokarri garbiren bat, kontzeptu gisa, igartzea, baina argi dago herriaren etsaiaren kasuan erreferentzia behintzat, irakurketa sozial batetik abiatuz gero, ez dela erabat ulergaitza. Kontrakoa gertatzen da, hain zuzen, euskararen etsaiak nonahi bilatzen dituen salaketarekin: hizkuntza jakin batean gauzatzen den kulturaren alderdi batzuk kritikatzeak edo hizkuntzari buruzko politika zenbaitekin ados ez egoteak ez du inor hizkuntza horren etsai bihurtzen, hizkuntza baten edo besteren etsai izateak berak zentzurik ez duelako, besteak beste. Hiztun komunitate edo talde baten balizko etsaiak bila daitezke, horretara jarriz gero, baina ikuspuntu linguistikotik sensu stricto, hizkuntzek berez ez dute aldekoen eta aurkarien artean bereizteko ezaugarririk. Euskara gorroto dut haren ergatibotasunagatik, edota hindiera eta georgiera biziki maite ditut ergatiboa iraganean bakarrik erabiltzen dutelako esatea nahikoa litzateke hizkuntzaren etsai esamoldea noraino den absurdoa agerian uzteko.
Pentsamenduaren prozedura den metonimiaren baliabideak, aldiz, maita daitezke, eta gure artean, Santiago González kazetariak ikusi duen bezala, sinekdokerako zaletasuna hedatuxea da. Hizkuntzari buruzko nire ikuspegiaren aurka daudenak hizkuntza beraren etsai bihur ditzaket operazio sinple bezain zilegiztasunik gabeko batez. Zilegia den ala ez, ordea, ez du aparteko garrantziarik. Izan ere, zer da hizkuntza haren hiztunen bizitza neurriren batean baldintzatu nahi dituzten nire ideien eta proiektuen babesik gabe?
Bidezkoa ez den metonimia honen asmatzailea nazionalismoa izan da. Sorburuak dena baldintzatzeko joera du, kasu honetan bereziki. Helburu abertzaleak partekatzen ez dituztenak, erdaldunak izan zein euskaldunak (absurdoaren mesederako), euskaraz sortzen den kulturaren aurka daude edo behar dute egon halabeharrez, akabuan, nazionalismoaren ahotsik eraginkorrenak zioten bezala, euskaraz egiteak eta ideologia abertzalea edukitzeak kode genetikoan ez bada, garapen biologiko arruntaren poderioz bat egin beharko dutelako, antza.
Nazionalismoak zehaztu duen eginkizun nagusitik kanpo dauden horiek, alegia, nazioaren eraikuntza prozesuan interes berezirik ez daukatenek, beste arazo nabarmen batzuk dituzte, kasurik txarrenean hizkuntzaren etsai (metonimiak metonimia) izateaz gainera: euskarari buruzko politikaren inguruan, demagun, proposamenen bat egiteko keinua egitera doazenean, berehalakoan erantzuten zaie ez dutela ez zilegitasunik, ez sinesgarritasunik horretarako. Hauteskundeak hurbil badaude, gainera, proposamena ez da ez zintzoa, ez serioa izango, norberak bultzatu duen hezkuntzaren erreforma polemiko bati hauteskundeetarako hiruzpalau hilabete falta direnean zirkin egitea oso serioa, eta batez ere guztiz zintzoa, balitz bezala. Edonola ere, aberriaren deiari gor dirauten personae non gratae eta aldrebestu horiek ahaztu behar lukete jabe ezagunak –eta bakarrak– dituen hizkuntzaren kontua. Urteak eta belaunaldiak igaro ahala, politika orokorrean beren eskuak sartzen joan dira lotsagabeki (“vinieron descalzos, / no tenían dos reales, / y al cabo de un año / ya son concejales” zioen Bilboko sozialistei buruz XIX. mendearen bukaerako kanta abertzale ez oso euskaldun batek), baina euskarazko kulturaren munduan, ustez orbangabe gorde den azken aterpean, tokia ez zaie hain erraz egingo.
Alde horretatik euskara askatzeko premia nabaria da, eta hala sentitu –eta, salbuespen gisa, adierazi– du batek baino gehiagok. Belaunaldi osoentzat zaila izango den arren, euskararen eta bere etorkizuna, diotenez, erabaki nahi duen herriaren artean ezinbestekotzat jo diren loturak ezin dira etorkizun horretan mantendu. Askok konturatu nahi ez badute ere, garaiak aldatu egin dira, eta nahitaezkoa baldin bada, abertzaleei kasu eginez gero, bigarren trantsizio bat, behar hori hain zuzen euskararen eta ideologiaren arteko harremanei buruz dauzkagun ikuspegien eremuan da nabarmenen.
Izan ere, hizkuntza batek jasan beharko ez lituzkeen zama asko eta askotarikoak eraman ditu euskarak (esan nahi da: euskaldunek eta neurri batean baita erdaldunek ere): hasteko, ikuspegi abertzaleak ezarri diona, hiztunaren eta elizgizonaren kategoriak nahastuz eta nazioaren eraikuntza prozesuaren tresna gisa erabiliz euskara bera, euskaraz egiteak edo arduratzeak aukera politiko zehatz bati derrigorrez atxikiak baleude bezala. Kontuan hartzen bada, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoan euskaraz mintzatzen direnek biztanlegoaren laurdena baino ez dutela osatzen, independentziara heldutakoan edo sobera egongo da ehuneko hirurogeita hamabosta edo euskararen erabilera abertzale horrek ez du egiatan edukirik. Jakina, euskarari gure hizkuntza deitzeak (hots, gure hizkuntza bakarra, noizbehinka erdaldun soilen ahoetan ere entzuten den baieztapena!), eta ez gure hizkuntzetako bat, kontraesan horiek dakartza. Egoeraren aurka, edota hura “normalizatze” aldera, neurriak hartu dira, esaterako administrazio publikoa etorkizuneko gizartearen abangoardia bitxi bat bilakatzearena, euskaldunen eta erdaldunen arteko proportzioa egungo gizartean aurkitzen denetik dezente urrunduz, betiere etorkizunari begira, baina iraganaren izenean. Horren beharra zenbateraino dagoen lanaren ikuspuntutik justifikatua ez du horrenbeste garrantziarik nazioaren eta hizkuntzaren mesedetan egiten bada. Arazoa da hiztunek, hau da hiritarrek, dituztela eskubideak (ez zuzenean hizkuntzek), eta guztienak bermatu behar direla inori kalte handirik egin gabe, eta hori, zorigaiztoz, ez da gaur nagusi den ereduan betetzen. Guzti honen inguruko adostasun berri eta ahalik eta zabalena lortzeko ikuspegi ezberdinen zilegitasuna onartu behar da lehenik, besteena sistematikoki zalantzan jarri gabe.
Bidenabar iragana aipatu dudanez, noan historia oinarri bide duen hizkuntzaren berreskuratze demografiko eta geografikoaz labur aritzea. Euskarak historian izandako gorabeherak –batez ere bigarrenak– pairatu dituela esaten da maiz, eta ez dago hor ezer gezurrezkorik. Besterik da prozesu historikoan emandako galerak faktore bakar bati egotzi nahi izatea, inposizioa ez baita beti izan atzera pauso haien arrazoia. Adibide deigarri bat aipatzearren, Julian Retegi pilotari ohiaren semeak, hogeita hiru urteko Julen gazteak, bera ere pilotaria, ez du elkarrizketetan euskaraz egiten, nahiz eta gurasoengandik euskara oinordetzan hartzeko ez duen inongo debekurik topatu. Baina inposiziari ezbehar guztiak leporatzeak abantaila nabaria du, inondik inora: euskara berreskuratzeko ahaleginak bidegabekeria historikoaren nahitaezko ondorio gisa aurkeztea erraza baita, eta oihartzun ona izan dezake, gainera (batez ere berreskuratze prozesua hizkuntza salbatzearen zerbitzura jartzen bada). Egitasmo honetan, ordea, eta egoera linguistikoak dekretuen bidez aldatzeko dudazko posibilitatea aintzat hartuta ere, nahitaezkoa da hiritarren borondatea alde edukitzea, eta ez dirudi hemen lorpen handirik izan denik (gazteleraren ordez euskara erabiltzeko erabaki librearen ikuspegitik, esan nahi dut). Aitzitik, euskalduntzearen aldeko eginahal gehienak oinarrizko hezkuntzan garatu dira, Matías Múgicak duela dagoeneko hamar bat urte gogorarazten zuen bezala, hura baita, herrialde demokratikoetan behintzat, jendea ordu batzuez administrazioaren kontrolpean eduki ahal izateko toki bakarra. Múgicak berak iradokitzen zuenez, honek suposatzen du sendagaia dagokion puntuan aplikatu beharrean –ustezko gaixoa ez baitago horretarako prest, segur aski–, beste nonbait burutzen dela gizartea euskalduntzeko proiektua; alabaina, eskolaren garaia amaitzen denean ikasitako hizkuntzaren erabilerak borondate librearen esku segitzen du, are kontrol gutxiagorekin. Bestalde, edozein hizkuntzaren edo hizkuntza-bikoteren egoera soziolinguistikoa errotik aldatzeko saioek (Joshua A. Fishmanek idatzi du, besteak beste, hauek dakartzaten zailtasun eta tentsioez) hiritargoaren nahian oinarrituta ere zail dute helburu hori lortzea, zer esanik ez asmo hori biztanlegoaren gehiengoak ez badu bere egiten. Guztiz onartezina dena da behialako balizko edo benetako injustizien aitzikiaz oraina ere bidegabekeriaz zigortzea. Historiaren zamak ezin du egungo hiztun belaunaldien bizitza horrela baldintzatu.
Azkenik, euskarak izan duen zama larrienetako bat ikusmolde antidemokratiko batekin lotzen den hizkera edo diskurtso mota bihurri batzuen eragina edo kutsadura izan da. Halakoak hainbat hizkuntzatan gertatu izan dira garai ezberdinetan, baina gaitzak ez du inor kezkatzen harik eta pisuzko masa kritikoa hartzen duen arte. Gurean hori gertatu izan da hain zuzen, lexikoa eta semantikaren mailan (gramatika ezin dute kutsatu), batez ere komunikabideak lagun. Eta horrek euskarazko produkzio kulturalean, eta irudi orokorrean, kalte handi samarrak eragin ditu. Horregatik beharrezko du euskarak garbiketa lana, “ekintza”, “preso politiko”, “gatazka” edo “kale borroka”-ri dagozkien hitzak, errealitatearen isla izango direnak eta ez mozorro, berreskuratu edo behingoz eskuratzeko.
Zama hauetatik euskara askatzea euskaltzaleek hiztunei (eta oraingoan metonimian erortzeko arriskurik gabe, baita hizkuntzari berari ere) ekar diezaieketen onurarik behinena da gaur egun. Abertzale sutsuenek kezkati eta are urduri agertzeko arrazoi osoa dute, aire berriekin batera datorren euskaltzaletasun ezberdin hau ezingo baitute, tradizioaren kontra eta salbuespenak salbuespen, euskararen aurkakoek burutu nahi duten azken erasoa bezala saldu. Elkarrizketa eta akordiorako prest daudenek, aldiz, ez dute zertan euskara askatasunez bizitzeko proposamenaren beldur izan behar, proposamen honen eskutik hausnarketa ireki eta anitza egiteko aukera eskaintzen baita, etorkizuneko itunaren aitzindari izan daitekeena. Gure gizarteak darabilzkien hizkuntzen arteko harremanak, eta haiei buruzko politika, ezin dira soilik biztanlegoaren zati bat (nahiz erdia izan) ordezkatzen dutenen ikusmoldean oinarritu; aitzitik, eta bereziki hizkuntzen esparru honetan, ezinbestekoa da egitekoen gaineko adostasun zabal batera iristea. Helburu horri begira, badirudi euskal kulturak dituen aje guztien gainetik halako zerbait lortzeko beharrezkoak diren lehen urratsak emanak gaudela dagoeneko.