"Euskara askatasunez" izenarekin, adierazpide kritiko, anitz, demokratiko eta integratzaile bat sustatu eta bultzatu nahi dugu euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia duten pertsona guztiak biltzeko.
Euskararen laguntzei eutsiko lieke PSEk, baina gaztelerari kalte egin gabe
21/10/2008 11:36:01
Berria 2008-10-03
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bihurtzen bada, ez ditu euskaraz egindako jarduera kulturalen diru-laguntzak murriztuko. Baina beti ere «gazteleraz gauzatzen den euskal kulturari kalterik egin gabe». Hezkuntzan, euskara belaunaldi berriei helarazteko ahaleginak eginen ditu, baina derrigortu gabe.
Hauteskundeak irabaziz gero sustatuko lukeen hizkuntza politikaren ideia orokorrak aurkeztu ditu PSE-EEk atzo. Modu berri batean plazaratu baditu ere, PSE-EEren betiko ildotik doaz. Euskara askatasunean izena duen liburukian bildu ditu.
Ekitaldiari garrantzi handia eman dio PSE-EEk, eta baliabideen aldetik ez da xuhur ibili. Hauteskunde kanpainako mitin baten antza handia izan du. Alderdiko jarraitzaile asko bildu dira, baita komunikabide franko ere. Gomitatuen aldetik gizarte eragileen ordezkari anitz ikusi dira; Andres Urrutia, Xabier Mendiguren Bereziartu, Iñaki Lasa, Joan Mari Torrealdai, Jorge Gimenez, Pello Salaburu, Luis Haranburu Altuna, Angel Amigo, Xabier Azanza, Ana Toledo, Xabier Kintana eta Mertxe Mujika, bertzeak bertze. Politikariei dagokionez alderdiko kargu garrantzitsuez gain, bertan egon da Ipar Euskal Herriko alderdi sozialisteko Frantxua Maitia.
Ramon Etxezarreta Donostiako kultur zinegotzia izan da hitza hartzen lehena. Euskara bazen gai nagusia, nahiago izan du gazteleraz hitz egin, Lopezi hitz egiten ziolako, eta zehaztu duenez, erdalduna delako. Euskara ez dela batzuen ondasuna adieraziz hasi du hitzaldia, eta Donostiako hainbat lagunek euskarari egin dizkioten ekarpenak gogoratuz . Nabarmendu du udalen artean Donostiakoak daukala euskarari zuzendutako aurrekonturik handiena. Arlo horretan PSE-EE ongi ari da, haren arabera, eta orain politika hori Eusko Jaurlaritzara eraman nahi dutela argi utzi du. Bidenabar, Urkulluri erantzuteko aukera baliatu du, azken horrek iruzurtiak heldu zirela adierazi baitzuen. «Bai Urkullu jauna, bazterren nahastera gatoz eta prestatuta gaude».
Lopezek PSE-EEk sustatuko duen hizkuntza politikaren proposamenak azaldu ditu euskara eta gaztelera nahasiz agiria irakurtzean. «Euskaldun guztien lehendakaria» izanen dela adierazi du, eta euskararekin berdin jokatuko duela. «Aniztasunean oinarritzen den hizkuntza ereduaren alde eginen dugu nahitaez euskara ikastera behartu gabe», haren arabera, «hizkuntza bat derrigorrez ikasteak emaitza etsigarriak» izan dituelako. EITB eraberrituko du «zerbitzu publiko demokratikoa» eskaintzeko.
Lopezek politikatik at utzi nahi du euskara, «euskaltzaletasuna ikusmolde abertzale edo nazionalistatik erantsi ohi zaizkion edukietatik berezi». Baina are premiazkoago iruditzen zaio «ETAren eta haren inguruan inolako oinarririk ideologikorik ez duen euskarazko kultura demokratikoa bultzatzea. Lotura horrek pertsona asko euskara eta euskal kulturatik urrundu baititu».